XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hetita edo hitita izeneko herriek eratu zuten Anatoliako lehen inperio handia, 1650-1200 bitartean.

Ondoren, Itsasoko herriak sartzean beheraka hasten da eta hiriburu izan zuen Hattusharen hondakinetan hetitaz idatziriko taulatxo ugari agertu da, sumerieraz eta akadieraz idatzitakoekin batera.

Agi denez, akadiera zen garai eta alderdi haietako diplomazi hizkuntza eta zenbait dokumentu idazteko erabili zuten hetitek.

Hetita hizkuntzarekin batera beste batzuk ere bizikide ziren: hala nola, luvikoa, palaikoa eta hurrita edo hatikoa.

Inperio hetitaren hizkuntz aniztasun honek bizilagunak elebidun edo eleaniztun zirela esan nahi du eta itzulpena derrigorrezkoa zela giro hartan.

Kultura hetitari kanpotik etorri zitzaion eraginik handiena: mesopotamiar testuetatik hain zuzen.

H. G. Gûterbocken arabera, hurritak tarteko katemaila izan ziren babiloniar kulturaren eta beste herrien artean, eta kultura hetitaren baitan ere eragin nabarmena izan zuten, batez ere poesia epikoaren alorrean.

Gilgamesh epopeia Bodjazkalen irudikaturik dago akadierazko zati batean, hurritazko eta hetitazko txatal laburrekin.

Eta aditu alemaniarren ustez, hetiten literaturan sumeroakadiar testuen itzulpenak ugari dira, besteak beste, Labarna II erregeak egin zuen hilburuko politiko gisako bat, akadieraz eta hetitaz idatzia.

Lu-dinguirraren Mezua deritzonaren bi ale hirueledun eta Ixkur, ekaitzen jainkoari egindako himno hirueledun bat ere ezagunak dira.

Ugarit merkatalgune garrantzizkoa izan zen K.a.-ko 1350 eta 1200 bitartean.

1929an arkeologo siriar eta frantsesek idazkera eta hizkuntza babilonieraz idatziriko testu ugari aurkitu zuten herexetan eta askoz gehiago kuneiformez idatzitako alfabetoz; dezifratu ondoren Ugariteko hizkuntza, kananeratik oso hurbil zegoela ikusi ahal izan zen.

Literatura sirio-kanandar honek eragin nabarmena izan zuen Itun Zaharreko (Salmuak, Kantuen Kanta, Job) zenbait liburutan ez ezik, baita Homero eta Hesiodoren poemetan ere.

Izan ere, kultura kanandarra bitarteko gertatu baitzen gugandik hurbilago dauden kulturekiko.

Beste behin itzulpengintza bikoitz baten aurrean gaude: literatura ugaritikoak babiloniar eta egiptoar literaturen eragina jasotzen du, literatura greko eta hebertarrera pasaraziz.

Azkenik, Mouninek dioenez, poliglotismo nabariko gune baten aurrean aurkitzen gara, zeren Rap'anuren liburutegian lau hizkuntzatako hiztegi bat aurkitu baita: sumeriera, akadiera, hurritera eta ugaritera alderatzen zituena.